XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hurrengo eguna asteazkena zen.

Halako egunetan, normalean, Kike etxean bakarrik geratzen zen, eta berandu samar jaikitzen zen.

Baina asteazken hura ez zen besteak bezalakoa.

Kike flotatzen hasi zen. Sabaiari itsatsita zegoen (bere lehen sentipena lurrean zegoela izan zen), hidrogenozko globo bat bezala.

Erdi lo egote hura atsegin zitzaion.

Kikek eskua luzatu, sabaia ukitu, eta bultza egin zuen aurrerantz.

Hormarantz abiatu zen, puxika bat balitz bezala, eta han, hankekin igerilekuko horman bezala bultzatuz, berriz abiatu zen kontrako alderantz.

Gela zeharkatu zuen, horma guztiak ukitu zituen, lurrerantz jaitsi zen, berriro sabaira igo zen, lanpararen inguruan jiraka ibili zen...

Gero gela berriro zeharkatu zuen, tarteko altueran, eta igerian bezala pasabiderantz jo zuen.

Berau iragan ondoren jantokira heldu zen eta altzarien artean ibili zen.

Poz-pozik, barre egiten zuen, mahaiko hanken artetik irristatzen zen bitartean.

Gero bere gelarantz itzuli zen, eta ohe gainean gelditu zen, ahozpez, erorketaren zain. Baina ez zen erori.

Kikek flotatu egiten zuen. Ordurako guztiz esna, altxatu nahi izan zuen.

Baina txarto kalkulatu zuen hain gauza arrunta egiteko ahalegina eta, gainera, grabitatearen legearen menpean ez zegoela ahaztu zitzaion.